XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

17 Objetu astuna

RINGARYD ekaitz gogor baten pean izan zen arratsalde osoan.

Zaparradak bata bestearen ondoren heltzen ziren, tarteka eguzkiak labur jotzen bazuen ere.

Gaua heldu zen azkenean.

Ekaitza mendi aldera baztertu zen eta haizea jotzen hasi zen.

Gau hartan, Jonas bakarrik zegoen Selanderschen landetxean.

David eta Annika elkarrekin joanak ziren Jonasen adineko neska-mutikoak sartzerik ez zuten jai batera.

Baina Jonasi ez zion axola, ardura garrantzizkoagoak zituen jai bat baino.

Landareen ondoan zegoen eserita, erlojuak bere tik-tak-arekin belarriak kolpatzen jarraitzen zuen gela hartan, orduak jotzen bere kanpaikadatxo asmatikoekin.

Ia agortutako kandela baten ondoan zegoen eserita eta eskuan Petrus Wiiken aitorpenaren fotokopia zeukan.

Behin eta berriz irakurtzen zuen.

Ia buruz zekien.

Ez al zen ezkutuko zerbait han?

Jonasek sakon arnasa hartu eta kontzentratu egin zen.

Zerbait aurkitzeko puntuan zegoen!

Ez al zen aztarna misteriotsua sumatutako hura?

Jakina baietz!

Orain seguru zekien!

Petrus Wiikek bere burua salatu zuen puntu batean!

Jonasek ezin izan zuen eserita iraun.

Jaiki eta urduri paseatu zen gelan barrena.

Erregaliza mastekatzen zuen pentsatu bitartean.

Nola baieztatu?

Nola jokatu behar zuen?

Une hartan leihoetako kristalak dardarka hasi ziren.

Gaueko trena igaro zen, eta gelako objetu guztiak dindilinka hasi ziren, dardarka eta balantzaka, beti bezala.

Kandelaren garra ere dardarka hasi zen.

Trena igaro zenerako, Jonasek bazekien zer egin behar zuen.

Telefono aldera joan eta Lindroth abadeari deitu zion.

- Hemen, Jonas Berglund esan zuen.

- Hitzegin al dezaket une bat zurekin?

Lindrothek ez zuen erreparorik jarri.

Nahi bazuen, berehala joatea zeukan.